XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) parapentean dabiltzanek edo urpekariek, beren buruaz seguru daudela egiten dute lana.

Baina ez dute segurtasun-sentsazio faltsua, arriskua ahal den gehiena murrizteko neurri egokiak hartu dituztelako.

Hori gure eguneroko bizimoduko ihardueretara (gidatzera, adibidez) pasatuz, beti gerrikoa edo kaskoa erabiltzea, abiadura-mugak ez gainditzea, kurbetan ez aurreratzea edo alkohola edan ondoren ez gidatzea esan nahiko luke.

Edo sexualitatearen arlora etorriz, nahi ez diren haurdunaldien arriskuak eta GIBaz sexu bidez kutsatzeko arriskuak eragozteko honakoa egingo genuke:

beti kondoia erabiltzea eta/edo bikotekideari erabateko leialtasuna gordetzea, edo sexu-harremana sartu gabe izatea, alkoholaren edo beste drogen eraginpean sexu-harremanik ez izatea... egoera hauetan prebentziorako arauak askotan betetzen ez direlako.

Hala ere, inkesten arabera, nahiz eta gure jokabideen ondorio posibleei buruz ondo informatuta egon, ez jakinda bezala funtzionatzen dugu.

Jonathan Mann-ek (urte askotan OMEko Hiesaren programako buru izan denak) esaten duenez: Giza portaera edozein birus baino dezentez konplexuagoa da.

Gure ekintzak, informazioaz eta logikaz baino gehiago, sentipenez, emozioez eta unean uneko irabazi txikiez eraginak daude.

Honek, arrisku batzuk ahaztuarazi edo ukatzeaz gain beste batzuk exageratzera, probabilitate txikiak gehiegi eta handiak gutxiegi baloratzera garamatza, nahiz eta datuek eta inkestek besterik frogatu.

Hiesaren kasuan adibidez, % 100eko segurtasuna eskatzen dugu askotan eta jokabide batzuei kutsatzeko ahalmen handia egozten diegu behin eta berriz, oker bagaude ere.

Honek, funtsik gabeko beldurrak eta jarrera diskriminatzaileak (haur seropositiboei eskolara sartzen ez uztea, adibidez) sortzen ditu.

Trafikoaren kasuan bestalde, bideetan gidatzearen benetako arriskua, alkohol gehiegi edatearen eta abarren arriskua gutxiegi baloratzen ditugu.